XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Eta antzerki taldekoenganik jakin dut, aldi bakoitz han zela, ikusle xerrent, aski goiz galdeginik noiz emaitekoa zuten, horrelako gertakari bat ez baitzuen segur hutsitekoa!

Funtsean, nihaurek ere ikusi ahal izan dut, eta BEHORRAREN OSTIKOA eman zutelarik haren ondoan nintzen;

bai eta Altzumartan XIRRIXTI MIRRIXTI GERRENIAN PLAT eskaini zigutelarik, beti oroituko naiz, haren irri zabal maltsoaz eta haren eskuzarta beroez.

Bai zinez, Manex Erdozainzi-Etxart antzerkizalea zen errotik, drama ala antzerki arina, berdin maite zituen.

Nahiz ez den hor deus harritzekorik, olerkia eta antzerkia hain dira elgarri hurbil...

Eta badakit, berak aipaturik, gogoan zeukala, antzerki baten idaztea... Oztibarreko talde edo beste batentzat...

Zorigaitzez...

Noiz, non eta nola ezagutu nuen Manex Erdozainzi-Etxart?

Xuxen, xuxen erraiteko, ez nakike.

Jakiteko, berari utziko diot hitza:

Bat, biga, hirur... mila
Izan dira
Nere bidean
Kurutzatu dituztanak:
Mintzatu gara
Ixtant bat
Soaz
Amodioa
Erraiteraino!

Horrela gertatu zitekeen gure artean ere eta inuminixtante adiskidantza sano baten lehen lokarriak josi genituen.

Gure soek, berehala, elgarren alderako amodioa, estimua, sortu zuten.

Hain zen gizon, gizona.

Itxuraz perestia, geldia, ona... eta barnez, zinez bortitza...

Ah! haren bihotza!